XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hau guztia hamaika aldiz pentsaketarako gaia izaten du gure lagunak.

Egunotan, gainera, behar du norbait maitatzeko, urrutitik bada ere, ixiltasunean eta itzalpean bada ere, baina bere bihotzeko berotasuna guztiarekin.

Badu izena Nekaneren bihotza, berriki, piztu duenak, baina berak ez du ezagutzen, ezta inoiz ezagutuko ere.

Margolaria da. Ez, ez da artista fina. Beno, artista bai, baina ez du koadrorik margotzen, paretak baizik.

Egunotan bere etxe multzoko hormak ari dira zaharberritzen. Duela bi egun begiak pausatu zituen oso kantu ederra txistukatzen ari zen langile batengan. Lehenbizi bizkarrez ikusi eta berehala hasi zen aurpegia, begi urdinak, sudur fina, ezpain meheak, irudikatzen. Gaztetan telefonoz enpresetako ordezkariekin hitz egiten zuenean bezala, ziztada bat nabari zuen bihotzean. Ziztada epela, goxoa eta bizigarria denbora berean.

Berari begira gelditu zen minutu batzuk.

Bere keinu guztiei erreparatuz: zeinen kontu handiz hartzen zuen brotxa, nola bustitu eta estutu poteraen aurka pintura gehiegi ez hartzeko.

Makurtu eta luzatu. Indarrez eragin brotxari.

Zalantzarik gabe sasoian zegoen gizon hau, arina, 18 urteko mutiko bat bezala.

Senarra dorpe, nekatu eta kexatiaren aurrean, gizon hau gaztetasunaren eredua iruditu zitzaion.

Bost, hamar minutu egon zen, sukaldeko ilunpean babestua, langileari begira.

Azkenean, honek buelta eman, eta argi-itzaletan zerbait edo norbait somatuz amultsuki esan zuen: Arratsaldeon Nekanek, urrats bat aintzina, eta berdin Arratsaldeon eta segidan bat-bateko galdera ergela: Zer ari zarete, pintatzen?.

Bai, ba, erantzun lojikoa.

Ez zuen begi urdinik, baizik ere beltzak eta sudurra ez zen horren fina, baina bai pertsonalitate handikoa.

Begirada tristea zuen, malenkoniatsu bezalakoa.

Eta hor, aldamio horretan igota, horren hauskorra ematen zuen!

- Nekanek: Luzerako duzue?

- Gizonak: Ez, ez, berehala joanen gara.

- Baina lasai balkoietara ez dugu jaitsi behar. Irekita uzten ahal duzu nahi izanez gero.